Ezagutu eta Ulertu leloari leial, zikloak kontu zientifiko handiak jorratzen dituzten filmen aukeraketa zaindua eskaintzen du, narratiba zinematografiko zirraragarri eta irisgarrietatik abiatuta.
Gattaca,
Flow,
Her eta
Endometriosis. Hacer visible lo invisible. filmak ikusiko ditugu. Emanaldiak irailaren 27tik urriaren 18ra izango dira, larunbatetan, Civivox Condestablen, arratsaldeko 19.00etan. Sarrera doakoa da eta aldez aurretik izena eman behar da
pamplonaescultura.es webgunean.
Aurreko urteetan bezala, zikloak Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) ikertzaileen parte-hartze aktiboa du. Pelikula bakoitza amaitzean, publikoak ikertzaile batekin solasaldi bat izango du. Solasaldi horrek aukera emango du landutako gaietan ikuspegi zientifiko eta eguneratu batetik sakontzeko, fikzioa ikerketaren benetako erronkekin lotzeko, eta gai bakoitzaren inguruan Nafarroa zer egiten ari den jakiteko.
Zikloa larunbat honetan, irailaren 27an, hasiko da Gattaca (Andrew Niccol, 1997) filmaren proiekzioarekin. 90eko hamarkadako zientzia fikzioaren kultuzko film honek ingeniaritza genetikoak gizartea markatzen duen etorkizunean kokatzen gaitu. Filmak bioetikaz, identitateaz eta geure etorkizuna erabakitzeko eskubideaz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Proiekzioaren ondoren, solasaldi bat egingo da Manuel Mazo Vega CIMAko ikertzailearekin, biokimikan eta ehunen ingeniaritzan aditua, eta genetikaren eta etika biomedikoaren inguruko egungo erronkei helduko die.