Datorren irailaren 2an, ostirala, Nafarroako Filmotekako proiekzioen aretoak asteroko programazioari helduko dio berriro, zinema-ziklo berriekin. Lehenengo proiekzioa aire zabalean egindako saio berezia izango da, doako sarrerarekin, Nafarroako Liburutegiaren eta Filmotekaren eraikinaren atzeko zelaigunean. 22:00etan, Pink Floyden musika Mendebaldea auzora iritsiko da, Pink Floyd The Wall film mitikoaren eskutik. Filma Alan Parker-ek zuzendu zuen 1982an eta Pink Floyd rock-talde britainiarraren The Wall albumean oinarrituta dago. Taldeak unerik onenak XX. mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetan bizi izan zituen.
Maiatzaren 4an Nafarroako Filmotekak ohiko programazioa hasi zenetik, lau ziklo antolatu dira (Navarra en los Archivos de la Filmoteca, François Truffaut. El deseo del cine, Palmarés Punto de Vista eta Panorama INAAC), baita hurrengo ziklo hauek ere: Arquitectura & Documental 2011 zikloa, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Nafarroako ordezkaritzak antolatuta; Del éxtasis al arrebato. 50 años de cine experimental español, XCéntric erakusketa ibiltarikoa, CCCBk antolatuta; eta Actúa Film Laburren Nazioarteko VI. Jaialdiko finalistei eskainitako saioa, Intermón Oxfamek antolatuta. François Truffaut. El deseo del cine izan dira Iruñeko ikusleen artean harrerarik onena izan duten bi zikloak. Saio bakoitzera batez beste 142 eta 78 pertsona joan dira, hurrenez hurren.
Pink Floyd The Wall iraileko programazioa abian jarriko duen pelikula da. Alan Parker-ek filmaren gidoia egitea Roger Waters Pink Floyd taldeko kantariaren eta baxu-jotzailearen esku utzi zuen. Pink rock-abeslariaren historia kontatzen da. Hasieran, Los Angeleseko hotel bateko logelan eserita agertzen da, etsita, musikaren negozioaz nazkatuta. Zuzenean aritzeko drogen laguntza behar-beharrezkoa du. Pink Floyden 1979ko The Wall album bikoitzean oinarrituta dago. Filmak Pinken gaztarora jotzen du. Mutikoa itota bizi zen, gehiegi babesten zuen amaren eraginez. Zenbait urte geroago eskolako irakasleek zigortu egin zuten, gelan poemak idazteagatik. Apurka-apurka bere inguruan horma bat eraiki zuen, kanpoko mundutik babesteko. Elkarrizketa gutxirekin eta sinbolismo handiko irudi hungikarriekin, musika da filmeko protagonista nagusia.
Inaugurazio-saio horren ostean, irailean eta urrian Panorama INAAC zikloaren saio gehiago egongo dira. Nafarroako filmak estreinatuko dira eta Punto de Vista jaialdiko beste ziklo bat egongo da (Foco en…), zinema dokumentalari eskainita. Errusiar zinemak irailean agerpen handia izango du, errusiar literaturako klasikoetan oinarritutako filmen zikloa egingo baita. Urrian, Nafarroako Filmotekak ziklo berriak estreinatuko ditu, besteak beste, zinemari eta dantzari eskainitako bat, eta Federico Fellini italiar zinemagileari eskainitako beste bat. Urriaren 18a egun berezia izango da, Nafarroako Filmotekak ere Home Movie Day mundu-ospakizunean parte hartuko du eta. Egun horretan, Super 8 formatuan egindako filmak ikusi ahal izango dira.
Saio bakoitzari buruzko informazioa web orrialde honetan argitaratuko da, abuztuaren amaieran.