Valentina ikasle gazteak modelo bezala egiten du lan, eta auto batek harrapatutako txakurrari bizitza salbatuko dio. Jabearen bila hasitakoan, erretiratutako epaile batengana iritsiko da; epaileak obsesio arraroa du: bizilagunen telefono-elkarrizketak entzutea. Lehen, lanean, telefonoz espioitzan aritzen bazen ere, orain bizio bihurtuko da. Valentinari ez zaio gizonaren portaera gustatzen, baina ezin du ikusi gabe egon.
Kolore gorriak, Frantziako banderan nahiz pelikulan, senidetasuna adierazten du. Kieślowskiren pelikulan, hasieran harremanik ez zuten pertsonaiak harreman oso estua izatera iristen dira, eta batere kidetasunik ez izatearen itxurak egiten dituzten pertsonaien artean loturak sortzen dira. Gainera, Ginebrako kokapenek senidetasunaren gaia bultzatzen dute, Suitza hizkuntza, kultura eta erlijio arloko bizikidetza-herrialdea baita, are gehiago Calvinoren erreformismoaren sorlekuan (haren predestinazio-ideiak erneko dira epailearen pertsonaian). Hala ere, kolore gorriaren sinbolismoa (trilogia eratzen duena), Frantziako ideia iraultzaileen eta, hortaz, Europako eta mendebaleko kulturaren zati bezala, beste eremu batzuetara ere hedatzen da: pertsonaia maskulino protagonistak epaileak dira, eta Unibertsitateko protokoloan kolore gorria Zuzenbidearekin lotzen da; pertsonaia femenino protagonista, berriz, eszenografikoki gorriarekin lotzen da bizitzako energiarekin eta maitasunarekin lotzen den kolorea bezala erakutsi ohi delako.
Ingelesa ez den hizkuntzako Pelikula Onenaren Saria jaso zuen Independent Spirit Awards-etan, eta New Yorkeko Kritikarien Zirkuluaren, Los Angelesko Kritikarien Elkartearen eta Chicagoko Kritikarien Elkartearen eskutik.