C.C. Baxter (Jack Lemmon) Manhattango aseguru konpainia bateko langile apal baina handizalea da. Ezkongabea da, eta bakarrik bizi da apartamentu xume batean. Noizean behin, etxea buruzagiei uzten die haien maitasun-harremanetarako. Mesede horiei esker egunen batean enpresan duen kokapena hobetuko duela uste du. Baina egoera bat-batean aldatu egiten da, igogailuzain batez maitemintzen baita (Shirley MacLaine) eta azken hori apartamentura etortzen diren buruzagietako baten maitalea baita (Fred MacMurray).
Film aparta, garratza, satirikoa, Lemmon/MacLaine bikoteak bikain eta primeran interpretatzen duena. Ordainetan, besteak beste, sari hauek lortu zituen: 5 Oscar (filma, zuzendaria, jatorrizko gidoia, zuzendaritza artistikoa eta muntaketa), urrezko 3 Globo (filmik onena barne hartuta), filmik onenari emandako BAFTA saria, emakumezko aktorerik onenaren saria Veneziako jaialdian (Shirley MacLaine), eta New Yorkeko kritikarien zirkuluaren saria filmik onenari (ex-aequo), zuzendaririk onenari eta gidoirik onenari.