Hambre... Hambre... Hambredokumentalaren (1921) eta Fiebre del ajedrezfilm laburraren (1925) ondoren, La madre Vsevolod Pudovkinek egindako fikziozko lehen film luzea da; Pudovkin Errusiako zinearen ordezkaririk handienetarikoa izango da iraultzan zehar Eisensteinekin batera. Pelikula Maxim Gorkiren, Errusiako errealismoaren maisuaren, nobela homonimoan oinarritzen da; obra horretan, sozialismo iraultzailearen sorrera agertzen da, eta tsarismoaren instituzioen aurka jotzen du, armadatik epaileetara, tartean polizia, Eliza eta gobernua direla.
Ekintza nekazariek eta langileek egindako iraultza betean kokatzen da, 1905. urtean. Pavel ekintzaile politiko gaztea da, eta Vlasov aitarekin egiten du lan lantegi metalurgikoan. Enpresan haien jarrerak erabat aurkakoak dira: semea iraultzailea da, eta greba egiten hasiko da laneko baldintza txarren aurka borrokatzeko; aita, aldiz, gizon bortitza eta alkoholikoa da, eta matxinadako errepresiogileekin elkartuko da. Amaren bihotza bien artean zatituta dago, baina gertaerek iraultzaren kausaren alde jartzera bultzatuko dute.