Pina Bausch dantzari eta koreografo ospetsua da. Haren sormenen bidez dantzaren hizkuntza aldatu egin da, eta ikusteko esperientzia bakarra eskaintzen dute. Wim Wenders-ek artista handi hori omendu egiten du pelikula dokumental honetan. Filma 2011ko otsailean estreinatu zen 3D pelikula gisa, eta Nafarroako Filmotekan ikus ahal izango dugu 2D bertsioan.
Paradoxikoki, Pina porrotaren ondorioz sortu zen, hogei urtetik gorako denboraldian elkarrekin amestu zuten filma filmatzeko ezintasunetik. Alemaniako koreografoa bat-batean hil zen 2009ko udan, filmatzeko prestaketetan murgilduta zeudela, eta Wenders-ek aurrera jarraitzea erabaki zuen. Baina filma Pina Bausch-ekin egin ordez, filma "Pinarentzat" egitea erabaki zuen. Hark eta dantzariek bihotzez eskainitako omenaldia izan zen. Pelikulan Pinaren koreografia ospetsuak erabiltzen dira –“Café “Müller”, “La consagración de la primavera” eta beste hainbat-, aukera horretarako berreskuratutako Pinaren beraren irudiekin batera. Baina filmaren ardatza konpainiako dantzariekin elkartzeko topaketak osatuko du; alegia, irudietan ederki asko harrapatutako koreografia batetik bestera, dantzariek beren bertsioa eman ahal izango dute Pinarekin lan egiteak zer-nolako esanahia zuen azaltzeko, Pinari eta haren lanari buruzko sentimenduak erakusteko eta hildako koreografoarekin zuten harremana adierazteko.
Alemaniar zuzendariak filmean jasoko du Pina Bausch-en sormen handien estetika eta arima, eta ikusleari Pinaren esaldi ospetsuaren indarra transmititzea lortuko du; hau da, "Dantzatu, dantzatu; bestela, galduta gaude".