Film horretan, egun oso bat Berlinen erakusten zaigu, egunsentitik, hau da, jardueraren lehen zeinuak agertzen direnetik eta lehenengo herritarrak kaleetan ikusten direnetik, iluntzera. Ohiko egun bat da Berlinen, bizitzaz eta energiaz betetako eguna. Film honetan, Ruttmannek Dziga Vertoven “Zinema-Begia” teknika erabili zuen, zinema abstraktua, errealitatea modu poetikoan jasotzea helburu duena, eta muntaketaren artearen bidez, harago joan nahi duena, begiak antzeman ezin duen egia sakonagoraino.
Walter Ruttman pintorea eta musikaria izan zen 20ko hamarkadan zineman aritu aurretik. Orduan, beste kide batzuek bezala, zineman arte plastikoen mugak zabaltzeko aukera ikusi zuen. Film abstraktu haiek ikus musika bezala deskribatzen zituzten, eta ikus arteetan musikaren antzeko esperientzia lortu nahi zuten. Lan horien ideia zinema absolutuaren kontzeptuari lotuta zegoen: irudi abstraktuen hizkuntza unibertsalaren ideia.
30ko hamarkadan, Ruttmannek zinema dokumentala egin zuen eta zenbait propaganda-filmetan lan egin zuen Leni Riefenstahlekin (Triunfo de la voluntad filmaren gidoia eta Olympia filmaren muntaketa egin zituen). Ziurrenik, Riefenstahli bezala, Ruttmanni naziekin lankidetzan aritzea leporatuko zioten, baina hori ez dugu inoiz jakingo, 1941ean frontean hil baitzen erreportaje bat grabatzen ari zela.