Michale O’Harak (Orson Wells) Elsa izeneko emakume ilehori eder bat ezagutzen du (Rita Hayworth) Central Parketik zaldigurdian paseatzen ari den bitartean. Hiru gaizkilek zaldigurdiari eraso egiten diotenean, Michaelek Elsa salbatzen du eta haren etxeraino laguntzen du. Michaelek esaten dio marinela dela eta Elsak orduan aipatzen dio bere senarrarekin batera, Arthur Bannister (Everett Sloane) izeneko abokatu kriminalista ospetsua, Shangaitik New Yorkera iritsi berri dela. San Frantziskorako bidean daude, Panamako Kanaletik igarota. Michaelek, Elsaren edertasunarekin liluratuta, Bannister yatean marinel gisa joatea onartzen du.
Filma Sherwood Kingen polizia-nobela ospetsuan (If I die before I wake) oinarrituta dago, baina Wellesek filmerako 15 orrialdeko egokitzapena baino ez zuen idatzi. Columbia Estudioak zuzendaritza lanak Orson Wellsen esku utzi zituen, dagoeneko garai horretan gizon manugaitzaren eta ez oso errentagarriaren ospea izan arren. Hasieran estudioak ez zeuden oso konbentzituta, baina garai horretako haren emazteak, Rita Hayworth, behin eta berriro eskatuta, eta Sam Spiegelen bermearekin, filma bere eskuetan jarri zuten. Gainera, Columbia Estudioek pentsatu zuten Sherwooden nobelaren (polizia nobela komertziala) egokitzapenak Wellsi bere fantasia mugatzeko aukera emango ziola.
Baliteke bere dohaina besteetan bezain distiratsua ez izatea film honetan, baina Zinemaren Historiarako bukaera bikaina utzi zuen, eta denek gogoratzen duten sekuentzia ospetsua, filma ikusi ez badute ere: abandonatutako feria bateko labirintoan bi protagonistek topo egiten dutenean.