Zinemaren historiak eman duen maitasun-istoriorik hunkigarriena eta bikainena David Lean britaniarren obra hau da. Noël Cowarden antzezlan batean oinarrituta, argumentua hutsala izan zitekeen: gizon batek eta emakume batek, biak adin ertainekoak, zoriz elkar ezagutzen dute tren geltoki batean eta maitasun-istorio kartsu eta motz bati hasiera ematen diote. Pasio horrek (erabat platonikoa) euren bizitzei bultzada eta ilusio berria emango die, monotoniarik grisenean murgilduta baitzeuden. Harreman xume hori, emakumearen barne-bakarrizketen bidez kontatutakoa, da Cowardek baliatzen duen euskarria (ospea eman zioten komedia sofistikatuetatik urrundu) garai horretako erdi mailako klaseen azterketa sakona egiteko, batez ere gizarteko ohiturek emakumeei ezartzen zizkieten jokabide zorrotzen azterketa egiteko.
Leanek inspirazio handiko irudiak erabili zituen, milikerian ez erortzeko oreka fina erabiliz. Eguneroko eszenatoki horretan, ez dago bertan gerora zuzendariari ospea emango zion ikusgarritasun hori, baizik eta intimitatea eta zorroztasuna (agurrean gizonak emakumearen sorbaldaren gainean jartzen duen eskuaren modukoa). Rachmaninoffen pianorako kontzertu ederrak azpimarratzen ditu keinu horiek. Era berean, dekoratuak Ingalaterra gerratik atera berritan bizi izan zituen urte gogorren isla dira. Hau da, leku grisak eta egunerokoak. Brief Encounter filma gerra ondoko Britania Handiko zineman eman zen neorrealismoaren eredu bikaina da.
Filmak Canneseko Jaialdiko Kritikaren Nazioarteko Saria irabazi zuen 1946an eta Oscar sarietarako hiru hautagaitza izan zituen: zuzendaria, emakumezko aktore nagusia eta jatorrizko gidoia.